2015eko urrian, Hernaniko Udalean ordezkaritza zuten talde politiko guztiek Memoriaren Harria jarri zuten Ave María parkean. Ekitaldi hura mugarri bat izan zen. Orduan Hernaniko indar politiko guztiek konpromisoa hartu zuten herriko gertuko oroimena zein oroimen historikoa berreskuratzeko.
Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, Hernanin eta hernaniarren aurka motibazio politikoz gertatutako giza eskubideen urraketak ikertzen hasi ziren (1960-2018). Ikerketa historiko horren emaitza 2019ko urtarrilean aurkeztu zen.
Handik hilabete batzuetara, Hernaniko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak oroimen historikoari buruz eginda zeuden lanak osatzeko proiektuari ekin zioten. Hala, Aranzadik gerra zibila eta diktadura frankistaren lehen urteak (1936-1945) biltzen dituen garai historikoa ikertu eta dokumentatu du. Aldi berean, gertuko memoriaren ikerketa osatzen aritu dira artxibo berrien kontsultarekin eta testigantza gehiagoren bilketarekin.
Lan zabal eta osatu horien emaitza herritarren eskura dago webgune honetan. Webgune hau, gainera, elikatzen jarraituko da etorkizunean egingo diren lanen emaitzekin, Hernaniko Udalak tinko eusten baitio herri honen memoria berreskuratzearen alde hartutako konpromisoari.
2000. urtetik hona Aranzadi Zientzia Elkartea ikerketa lan desberdinak garatzen ari da oroimen historikoa eta gertukoa berreskuratzearen alde, hala nola lan horren hedapena euskal lurraldean. Ikerketa hauek Gerra Zibilean eta ondorengo diktadura frankistan errepresaliatutako pertsonen bilaketetan eta ehorzketetan oinarritu dira, baina baita herrietan egin diren ikerketetan ere, matxinada militarra eman zenetik gaur egun arte. Ikerketa historiko hauek gizartearen eta euskal erakundeen eskaera bati erantzuten diote, gai honi buruz dauden gabeziaz ohartarazi ondoren. Nahiz eta diktadura garaiko eta ondorengo gerra gertakizunak eta agintearen egiturak ondo ezagunak izan unibertsitatearen inguruko ikertzaileek egindako lanei esker, hauek ez dituzte biktimak gogoan hartu. Ia zortzi hamarkadetan zehar gerrako izugarrikeriak, errepresio frankista eta euskal gatazka bezala ezagutzen dugunaren ondorio izan den indarkeria jasan dutenen izen-abizenak.
Hori dela eta, egiten ari garen lanarekin milaka euskal herritar errepresaliatuei izen-abizenak jarri ahal izan dizkiegu. Hobi edo agiritegietatik (agiritegi militarrak, poliziaren agiritegiak, toki-agiritegiak, elizako agiritegiak) ateratako pertsona ezezagunak. Hernanikoa bezalako ikerketei esker tresna desberdinak garatzen dira, herritarrek eta erakundeek egia eta gertatutakoa zentsura gabe ezagutu dezaten, garaia edo egileen araberako indarkeria mota desberdinak ezkutatu gabe. Beraz, gertatutako guztiaren ezaguera orokorra eskuratzen da, egondako indarkeria guztiarena eta biktima guztiena. Parekatu gabe, baina batez ere, inor ahaztu gabe.
Horrela, web tresna honen bitartez eta Hernani Oroimena egitasmoarekin batera garatutako ikerketak eta hedapen jardueren bitartez, Hernaniko Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, Nazioarteko Eskubidea bete nahi du Giza Eskubideen gaian, bereak eginez Egia, Justizia eta Erreparazioaren oinarriak. Azken finean, talde-oroimenean sartzeko helburuarekin gertatutakoaren egia bilatu eta zabaldu, justizia egin erakunde publikoak garen heinean eta gure baliabideen barruan eta giza eskubide nagusienen urraketak jasan zituztenak erreparatu. Helburu nagusi horiek dira egitasmo honetan konpromiso utziezinak bihurtu direnak.
“Ez gara denok elkarren berdin
baina bai elkarren pare.
Bakoitzak behar du bere ideien,
hitzen eta ertzen jabe.
Baina elkarrekin eraikitzeko
leundu behar goi ta behe,
zaurgarri diren ertzak leundu,
leundu, kamustu gabe.
Harri guztiak dira desberdin
ta denak harri hala ere.
Ertzak leunduz lantzen lagundu
leheneko pasarteak.
Ez du denborak dena egingo,
euriak ta haizeteak…
Harria landu ahalko du soilik
guk hala nahi izateak;
elkarbizitzak, elkarri hitzak
entzun eta esateak.
Ez du denborak dena egingo…
bai, aldiz, borondateak.”
Maialen Lujanbio. 2015eko azaroa.
Ave Maria parkean kokaturiko Harrian
Webgune honen edukiak zuzendu edo gehitu nahi badituzu gurekin harremanetan jar zaitezke. Proiektu hau zure laguntza gabe ezinezkoa izango litzateke.
Harremana